Skip to main content
< BACK TO ARTICLES

AHTren lanek eragindako zauriak zuri-beltzean bildu dituen argazkilaria | Culture | Naiz

March 18, 2026 4 views
AHTren lanek eragindako zauriak zuri-beltzean bildu dituen argazkilaria | Culture | Naiz
Welcome to Subscriber News You have accessed a news of payment and have consumed a click of your personal account. MAR. 18 2026 - 06:00h Amaia Ereñaga Erredaktorea, kulturan espezializatua AHTren lanek eragindako zauriak zuri-beltzean bildu dituen argazkilaria 2022. urtean atera zuen Jon Garatek (Elgoibar, 1987) Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanen inguruko lehenengo argazkia. Ordutik, neurri erraldoiko proiektu polemiko horren nondik norakoak dokumentatzen aritu da Debagoienean eta Durangaldean. ‘Noraezean’  erakusketa zabaldu du Elgoibarren. 2024ko maiatzaren 29an, Arrasateko Garagartza auzoa, Udalatx mendiaren hego-mendebaldeko isurialdean. (Jon GARATE) «Hain proiektu handia, polemikoa eta gure paisaian hainbesteko eragina duena izateko, Abiadura Handiko Trenak ez du merezi beharko lukeen presentzia izan gure iruditerian», pentsatu nuen nire baitan Jon Garate argazkilariaren ‘Noraezean’ erakusketaren berri izan nuenean. David Perez Sañudoren ‘Ane’ (2020) filmaren salbuespenarekin –Patricia Lopez Arnaiz AHTren lanen zaintzaile bat zen– eta Bilboko Arte Ederren Museoan Vicente Amestoyren ikusitako kartel bat kenduta –1998koa da; lanak oraindik hasteke zeuden–, boteprontoan ez zitzaizkidan erreferentzia gehiago etortzen burura. Argazkilaritzari dagokionez, beste horrenbeste. Hedabideetako fotokazetariek ateratako irudiez aparte eta AHTren proiektuaren kontra altxatu diren herri mugimenduek sortutako materialez aparte, ez dugu erreferentziarik aurkitu.  Bien bitartean, azken bi hamarkadetan zehar makinak mendiak zulatzen eta zubiak eraikitzen jarraitu izan dute. Hori dela eta, Jon Garate (Elgoibar, 1987) freelance argazkilariaren erakusketa honek berebiziko interesa pizten du.  ‘Noraezean’ erakusketa Elgoibarko kultur etxean ikus daiteke eta, handik, Elorrio eta Donostiara bidaiatuko du Ongarri argazki talde beteranoak eta Elgoibarko Kultura departamentuak antolatuta, martxoaren 21era arte egongo da ikusgai astelehenetik larunbatera (18.30-20.30). Hortik Elorrioko Iturri kultur etxera bidaiatuko du –oraindik lotzeko ditu datak eta egitura– eta maiatzaren 8tik ekainaren 10era bitartean Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Donostiako Paseo Berrian duen arte galeria txukunean ikusi ahal izango da. Jon Garate proiektu honetan erabiltzen duen kamara analogikoarekin. (Jon GARATE) Elgoibarren hemezortzi irudi daude ikusgai, horietako batzuk panoramikoak. Azken hiru-lau urteetan Debagoienean eta Durangaldean ateratakoak dira, zuri-beltz dramatikoan: «Luzaroan erabili izan dut, iruditzen zaidalako erosoagoa sentitzen naizela». Batez ere Bergara irudikatu du, Gipuzkoako herri horretako trenbidearen ‘korapiloa’ –horrela deitzen zaio–, baina Arrasateko, Gatzagako eta Durangaldeko beste txoko batzuk ere azaltzen dira, Elorrio edo Atxondo, adibidez.  Irudien artean, erreportaje honetan bertan ikus ditzakegun bi: bat, Arrasateko Garagartza auzoan 2024an ateratakoa, Udalatx mendiaren hego-mendebaldeko isurialdean, Kobate erreka doan tokitik, eta bestea 2023an Elorrion ateratakoa, Betsaide mendirako pista zaharra zihoan lekuan. Atxondoko eremu ederra zeharkatzen duen zubi itsusi eta itzela aipatu diogu. «Argazkiak profetikoa dirudi, Atxondo ikusten baita eta, atzean Anboto, gure kulturan horrenbesteko garrantzia duen mendia», adierazi digu. Informatika ingeniaria ikasbidez, eta horretan 12 urtez lanean aritu ostean, beste askori gertatu bezala, pandemia garaian bizitza aldatzeko hautua egin zuen elgoibartar honek. «Argazki kamerarekin urte dexente ibili naiz, beti kamera ondoan eta lagun. Baina, beste askok bezala, pandemia izan nuen aldatzeko unea, aukeraketa bat egin nuelako: nire bikotearen bitartez, aukera izan nuen Greziako errefuxiatu kanpalekuen egoera ezagutzeko eta horrek ‘klik’ bat egin zidan lan munduari begira: ‘Nik ez dut nire esfortzua era honetan egin nahi mundu honetan’. Orduan zein alternatiba duzu? Industria munduarekiko harremana eten eta beste gauza batzuk bilatzen hasi nintzen», azaldu digu. 2023ko urriaren 15ean eginda dago, Elorrion, Betsaide mendirako pista zaharrean. (Jon GARATE) Freelance lanetan ari da ordutik, nahiz eta sektorearen egoera hala-holakoa izan aspalditik. «Egia da, zoritxarrez, gaur egun horretatik bakarrik bizitzea ez dela jasangarria, eta topatu behar dituzula zeharkako beste lan paralelo batzuk», aitortu digu. Baina argazkilaritzaren ofizioa erabat bokazionala da. Azken lau urteotan, kamera hartuta, proiektu propio hau garatzen aritu da, orain ‘Noraezean’ izenarekin, eta erakusketa formatuan kaleratu duena. Dokumentazio lan soila baino, gizarteari hausnarketarako bidea eman nahi dion lan artistiko bat jorratu du. «Nire lan egiteko modua da begiratzea argazkiekin ea nola aberastu dezakedan kontakizuna», argitu du. «Nolabait, irakurketa bat da, ez dakit nola esan: saiakera bat da, entsegu lan bat, beste geruza batzuk jorratzeko. Ez du kazetarekin horrenbesteko loturarik, datuen eta zenbakien geometriatik aterata, ikusleriari eman nahi diodalako beste plano eta beste esparru batzuetan galderak botatzeko ahalmena». «Gaur egun gauzak dauden moduan, kosta egiten zait sinestea Oscar Puentek esan duena egia bihurtuko denik» Abiadura Handiko Trenaren auzia batzuetan ahaztu zaigula ematen du, batez ere, hirietan bizi direnei; baina 20 urte daramagu lan hauekin gora eta behera... eta, bien bitartean, txikizioak aurrera jarraitu du, bi hamarkadetan zehar, etorkizun zalantzagarria duen proiektu honek. Zulatu, altxatu, desjabetu, apurtu... makina bat lan istorio, makina bat zauri, bukaera datarik ez duen egitura batentzat. «Zalaparta handirik ez da egoten horren inguruan, baina, hemen fisikoki nahiko gertu dudanez, nik ikusi izan ditut pixkanaka-pixkanaka gertatu diren aldaketa txikiak», dio. Otsailaren hasieran, Oscar Puente Garraio ministroak iragarri zuen AHTren lanak «azken txanpan» daudela eta hiruzpalau urtetan bukatuko direla. Estatu frantsesarekin lotura izango ote duen ere ez zuen argitu. «Beti daude bi irakurketa desberdin gai horietan: bertan gaudenon irakurketa eta hedabideetan zabaltzen dena. Nik badaramatzat hiruzpalau urte honen inguruan eta, gaur egun gauzak dauden moduan ikusirik, niri kosta egiten zait sinestea hori egia bihurtuko dela. Agian erratuta nago, baina nire sentsazioa da hau ez dela hain azkar bukatuko», amaitu du. Basque Country Hallan muerto al alcalde saliente de Bildoze-Onizepea, derrotado en los comicios Basque Country Auzapezen kontrako zigorraren eskutik, aldaketa franko baieztatu ditu lehen itzuliak World La Guardia Revolucionaria iraní asegura que matará a Netanyahu «si es que sigue con vida» Basque Country «ETB3 itxiz gero, 170.000 haur eta gaztetxori ukatuko zaie euskarazko edukietarako sarbidea» Basque Country Gogora expedienta a Falange cinco meses después del 12-O y tras denuncia memorialista Hi, Disconnect Naiz Contact Contact arreta@naiz.eus (+34) 943 50 60 10 Mediabask Contact Contact abonnements@mediabask.eus (+33) 09 75 12 97 02 Enter Enter your details to login Login with Google Forgot your password? Register