< BACK TO ARTICLES 
'Laku bat orroka'-ren doinuan eginen du dantza Senpereko aintzirak | Culture | KAZETA
March 5, 2026 5 views
Lifestyle

Welcome to Subscriber News
You have accessed a news of payment and have consumed a click of your personal account.
MAR. 05 2026 - 10:47h
Haizpea Abrisketa eta Oier Iriarte Arrondo
Last update: MAR. 05 2026 - 19:02h
'Laku bat orroka'-ren doinuan eginen du dantza Senpereko aintzirak
Honako artistek ezarri diote ahotsa Haira Aizpuruak idatzitako Herri Urratsen kantuari: Patxi Casenavek (Maskak), RTZ kolektiboak, Pello Armendarizek (Marte Lasarte) eta Lide Hernandok (Bele). Eñaut Castagnetek zuzendu du bideoklipa
Pixkanaka-pixkanaka, Seaska hasia da aurtengo Herri Urratsi buruzko pista batzuk ematen. Azaroan data eta leloa —geroztik bigarren zati batekin osatua izan dena— iragarri ondotik, kantuaren eta bideokliparen txanda izan da gaurkoan. Hala, edizio honetarako kulturgile andana elkartu ditu Ipar Euskal Herriko ikastolen bestak, eta 'Laku bat orroka' izan da bateratze horren emaitza.
Patxi Casenavek (Maskak), RTZ kolektiboak, Pello Armendarizek (Marte Lasarte) eta Lide Hernandok (Bele) abesten dituzte Haira Aizpurua Ibargaraik idatzitako hitzak. Bost horiez gain, beste artista anitzek ere parte hartu dute sorkuntzan: Mizel Zamora arduratu da musikaz; Nikolas Armendariz, bateriaz; Xan Bidegain, baxuaz; Iñaki Ospital eta Julien Labat, gitarraz; Battitt Etchart, teklez; Txomin Duhalde, saxofoiaz; Ximun Garat, tronpetaz; eta Amaiur Coscarat, tronboiaz.
Aizpuruak, gaur goizean (hilak 5) Baionako Biltxokon eginiko agerraldian, kazetarien galderei erantzunez, ez dela ariketa «erraza» izan aitortu du. Izan ere, ez zuen «deus», leloa eta «hitz batzuk sartzeko aholkua» baizik ez: «Biziki librea izan da idazkera». Hori dela eta, ardura handiz bizi izan duela nabarmendu du, baina «ardura polita» izan da.
Seaskako ikasle ohi gisa, Herri Urrats «anitz markatu» duen ekimena izan dela azpimarratu du, eta oroitzen du oraindik ikastolan zelarik bestaren abestia kaleratzen zen unea biziki garrantzitsua izaten zela, baita ikasgelan hitzak ikasten zituztela ere. Bukaerako emaitza ere «biziki ederra» iruditu zaio; hitzak idazterakoan gero zer itxura hartuko zuten ezin baldin bazuen jakin ere, kantuak hitzen erranahia ongi islatzen dutela uste du.
Ezkerretik eskuinera: Eñaut Castagnet, Mizel Zamora, Haira Aizpurua eta Koldo Rodriguez. (Haizpea ABRISKETA)
Halaber, kantuaren aurkezpenetik ordu batzuetara, 19:00etan, atera da bideoklipa. Hain zuzen, Eñaut Castagnetek zuzendu du ikus entzunezkoa, eta «ezberdinki» egiten saiatu da; hau da, «film bat egiten den bezala»: aktoreak, gidoi bat, dekoratua... Horrekin aski lan ez, eta 1980. hamarkadan oinarritu da bideoa egiteko; hortaz, duela lau hamarkadako dekoratu, jantzi eta gaineratekoak deskubritzeko aukera izanen da gaur iluntzean.
Dena dela, helburua bete dutela uste du, baina horretarako jende eta laguntza anitz behar izan dela oroitarazi du, eta biziki eskertua agertu da. Halaber, «zoriontzekoa» iruditzen zaio aktoreek —Kemen, Nerea, Kepa, Manoli eta Ines— egin duten lana: «Haurrak dira, ez dira aktore profesionalak; eta zinez anitz eman dute: izan da gaueko grabaketa bat, ez-dakit-zenbat egun egin ditugu...».
Leloa osatuz
Badirudi biziki ongi jaso dutela Aizpuruaren hitzek Herri Urratsen aurtengo aldarria, Seaskako kideak leloa aldatzeraino eraman ditu eta. Justuki, azaroan 'Geroa eraikiz' leloa aurkeztu bazuen ere, kantua entzun eta, bigarren zati bat gehitzea erabaki du elkarteak. Gauzak horrela, 'Geroa eraikiz, laku bat orroka' izena hartuko du ondoko edizioak.
Bada, Koldo Rodriguezek, Herri Urratsen koordinatzaileak, uste du Senpereko aintziratik «benetan» orro egin beharko dela bi hil barru, egoera larria baita: euskarak «larrialdi linguistikoa» bizi du; baina, gehiago zehaztuz, Seaskak bizi dituen zenbait egoera ere ekarri ditu gogora, hala nola azterketak euskaraz egiteko ezintasuna.
Hala ere, oso pozik dago gaur aurkezturiko lanagatik, «belaunaldien arteko lankidetza lan baten emaitza» baita: «Biziki harro gara ahalegin honetan arrakasta izan dugulako, elkartasunak, konpromisoak, iraunkortasunak eta guztion lanak gauza benetan ederrak sortzera eramaten gaituztela erakusten gaitu».
Aurtengoa, Donapaleura
Lelo eguneratua prest dela, maiatzean milaka euskaltzale bilduko ditu Herri Urratsek, eta aurtengo irabaziak Donapaleuko lizeo berria eraikitzera bideratuko ditu. Preseski, horri egiten dio aipamena leloak: geroa, «aurtengo Herri Urrats lizeo berria sostengatzeko erabiliko baita, eta lizeo horrek geroa irudikatzen baitu; Seaskaren eta euskararen gero oparoa»; eraiki, «Herri Urratsen jaso ohi den dirua ikastolak eraikitzeko erabili ohi baita».
2027ko irailerako ireki nahi ditu Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak ikastetxe berriaren ateak, eta horretarako, uda aitzin hasiko ditu lanak. Izan ere, Baionako Bernat Etxepare lizeoan, egungo euskarazko murgiltze ereduko bakarrean, 521 ikasle dira orotara; horietako 432 sail orokor eta teknologikoan eta 89 lanbide heziketan; eta azken urteetan ikastetxeak prefabrikatuak ezarri behar izan ditu denei harrera egin ahal izateko.
Gauzak horrela, Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Hazparne inguruko eskualdeko 180 edo 200 gaztek ikasten ahalko dute lizeo orokor berrian. Orotara 3.000 metro koadroko instalazio berriak hamaika ikasgela eta barnetegiko 80 leku izanen ditu, jantoki batekin batera. Epe ertainean sail teknologikoa ere plantan ezartzeko aukera aztertzen ari da ikastolen federazioa.
Maketa lehiaketa
Azken bi urteetako arrakasta ikusita, hirugarrenez antolatu du aurten Herri Urratsek maketa lehiaketa, eta 21 artista edo taldek parte hartu dute. Horietatik bost baizik ez dira heldu finalera: Neutroia, Indigo, Somak, Bisaiak eta Gar; eta azken honek irabazi du, beraz, Nafarroa Badok oholtzan jotzeko aukera izanen du.
Jon Garcia Zabala bakarlaria dago Garren atzean, baina bide horri ekin aitzin, 15 urte eman zituen Mocker's rock taldean kantatzen eta baxua jotzen. Ipar Euskal Herriko kastolen elkarteak zehaztu duenez, «proiektu hau bere bizipen pertsonaletan oinarritzen da, eta pop sentikor eta melodikoan murgiltzen da, rock ukitu batzuekin». Horri esker, 'Oraina eskuetan' albuma argitaratu zuen 2025ean, eta Gaztea irratiaren Maketa Lehiaketa irabazi zuen.
Basque Country
Martxoak 3, mende erdia igarota Gasteizko herriak ahantzi ez duen eguna
Music
Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti
Basque Country
Euskal Herria Baik 23 hautagaitza babestuko ditu herriko bozetan
Culture
'Laku bat orroka'-ren doinuan eginen du dantza Senpereko aintzirak
Eleka
Gazte, bozka ezkertiar eta abertzale
Hi,
Disconnect
Naiz Contact
Contact
arreta@naiz.eus
(+34) 943 50 60 10
Mediabask Contact
Contact
abonnements@mediabask.eus
(+33) 09 75 12 97 02
Enter
Enter your details to login
Login with Google
Forgot your password?
Register
Original source
Read original article on Kazeta.eus