< BACK TO ARTICLES 
XXI. mendeko «lekeitio» bat, Laboa eta Artze anaien dizipuluek sortua | Culture | GARA Euskal Herriko egunkaria
March 9, 2026 6 views

Welcome to Subscriber News
You have accessed a news of payment and have consumed a click of your personal account.
MAR. 09 2026
AMAIA EREÑAGA
BILBO
XXI. mendeko «lekeitio» bat, Laboa eta Artze anaien dizipuluek sortua
Bueltan dator Loraldia, urtez urte indartzen doan hitzordua: bai geografiari dagokionez -Bilbon du «bihotza», baina hiriaren mugak gainditu ditu jada-, bai sormenerako erakusten duen anbizioagatik. Horren adierazle, “Ikimilikiliklik vol.2” ikuskizuna (martxoaren 12an, Arriagan, eta NAIZek babestua). Gure kulturaren ikur bat XXI. mendera ekarri eta «artefaktu» berria ekoitzi dute. Laboak, Artzetarrek eta Zumetak ontzat emango lukete?
“Ikimilikiliklik vol.2” ikuskizunaren irudi bat. Bidaia bat da, iraganaren eta etorkizunaren artean. (Jagoba MANTEROLA | LORALDIA)
LORALDIALoraldia jaialdiaren aurtengo edizioa gaur, martxoak 9, hasiko da “Hezur berriak” emanaldiarekin (Bira kulturgunea, 19.30), bertsolaritza (Miren Amuriza eta Maialen Akizu), literatura (Ane Labaka) eta musika (Mursego) biltzen dituen saioan. Mursergok ordezkatuko du parte hartu ezingo duen Ines Osinaga. “Appa Maurizia”, 13rako lotuta zegoena, bertan behera gelditu da arrazoi beragatik.
IKUSKIZUNAKGaurtik aurrera eta martxoaren 28ra arte, hogeita bost jarduera egingo dira Bilbon. “Ikimilikiliklik vol. 2” da aurtengo ekoizpen nagusia eta martxoaren 12an estreinatuko da Bilboko Arriaga antzokian, NAIZek babestuta. Emanaldiaren aurretik, Imanol Agirrek berbaldia egingo du Arriagako foyer espazioan.
«Mikel [Laboa] poz-pozik egongo litzateke ikuskizun honekin», erantzun digu Iñaki Salvador musikariak galdera hau bota diogunean: «Zer irudituko litzaioke Mikel Laboari, 50 urteren buruan, Artze anaiekin eta Zumetarekin batera 70eko hamarkadan sortu zuen ‘Ikimilikiliklik’ ikuskizun esperimental eta aurrerakoiari egin zaion irakurketa berria?».
«Mikelek beti esaten zidan: ‘Iñaki, nire musika jo nahi baldin baduzu, jo ezazu, baina egin ezazu zure erara. Ez saiatu nik egindakoa imitatzen edo leiala izaten. Musika zuena da, nire abestiak mundu guztiarenak dira’», jarraitu du piano jotzaileak. Euskal Herriko eta Estatuko jazzlari ospetsuenetakoa da Iñaki Salvador konpositore eta piano jotzailea, gure musikako izen handi bat. Hogeitaka urtez beste handi batekin, Mikel Laboarekin alegia, piano jotzaile lanak egin zituen. Oso gertukoa zuen Laboa, beraz.
Eta, nolabait, Iñaki Salvador bihurtu da orduko eta gaurko munduen arteko zubi, Loraldiak ekoitzi duen “Ikimilikiliklik vol.2” ikuskizunean. Sorkuntza kolektibo honen partaide izan da eta oholtzaren gainean ere Oreka TX taldearekin (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro), Libe Kortazar musikariarekin, Intza Alkain aktorearekin eta Itziar Garaluze ilustratzailearekin batera arituko da.
Edurne Azkarateren zuzendaritzapean, “Ikimilikiliklik vol.2” ekoizpenak duela 50 urteko ikuskizun berritzailea, ikonikoa eta harrigarria hartu eta gaur egunera ekarri du. Iruñetik eta Donostiatik igaro ondoren, aurtengo Loraldiaren edizioko egitarauaren barnean ikusi ahal izango da aste honetan Bilboko Arriaga antzokian (martxoaren 12an, 19.30ean; 20 euro), NAIZ babesle dela.
«Mikelek, ondo dakigunez, espiritu apurtzailea zuen; ‘lekeitio’-etan [Laboak asmatutako kantu mota esperimentala, onomatopeia, errepikapen eta soinu sailkaezinak erabiliz egina] bereziki islatu zen ikerketa espiritu hori zuen. Nire ustez, ikuskizun hau ‘lekeitio’ handi bat irudituko litzaioke, ordu eta 20 minutuko ‘lekeitio’ bat! Eta seguruenik esango luke: ‘Begira hauek, zer ausartak. Nire garaian, asko kostatzen zitzaidan jendeari hamar minutuko lekeitio bat sartzea frontoietako emanaldietan, segituan hasten zirelako esaten uzteko alde batera esperimentuak eta Txoria txori eta Izarren hautsa kantatzeko’. Gogoan dut ‘lekeitio’ baten entsegua bukatu genuela, agian hurrengo egunean estreinatzera gindoazelako, eta isiltasun une bat sortu zen. Niri begiratu eta esan zidan: ‘Iñaki, uste dut ostiaka aterako gaituztela’. Pasadizo hori bera kontatzen dut ikuskizunean», azaldu du Salvadorrek.
ONDARROAN IKUSITAKO ZORAMEN HURA
Hamasei urte zituen Imanol Agirrek “Ikimilikiliklik” originala eta ikonikoa ikusi zuenean. 1977a zen eta Lekeitiotik Ondarroara auto-stop egiten iritsi zen kazetari, antzerkigile, irakasle eta “Ikimilikiliklik vol.2” honen zuzendari artistikoa. «Erdaldun hutsa nintzen. Euskaraz ikasten hasi nintzen 18 urterekin, baina banuen Laboaren diskoa eta Laboak sortzen zidan nolabaiteko hunkidura», aitortu du.
Bilboko emanaldiaren aurretik, Arriagan bertan (18.15ean, foyer espazioan) ekoizpen honi buruzko oroitzapen eta gogoetak plazaratuko ditu kulturgile honek berbaldi batean. Hain zuzen, Ondarroako emanaldi hura bihurtu zitzaion hauspo: «Hamasei urterekin agertu nintzen Ondarroako zineman. Jexus Artze eta Laboa zeuden oholtzan eta sekulako inpaktua izan zen Imanol gaztearentzat hura: kantak, poesia, onomatopeiak, txalaparta, Jose Luis Zumetaren txoriak ikus-entzunezkoetan... Eta ni geratu nintzen erabat harrituta, hunkituta eta aho bete hortz. Eszena batzuk ahaztezinak ziren; adibidez, Laboa ‘Gernika’ kantatzen, Joxean Artze poesia errezitatzen eta, aretoan geunden denok, pistola edo eskopeten ituen proiekzioez inguratuta, aurrean, atzean, eskuinean eta ezkerrean. Eta halako batean, oihuak. Geratu ginen denon inpaktaturik. Horrela bukatu zen ikuskizuna».
1975. eta 1978. urteen artean taularatu zuten denborarekin mitiko bihurtuko zen ikuskizuna. «Ez Dok Amairu justu banatu berria zen [1972] eta Joxean Artzek proposatu zion Mikeli egitea beste ikuskizun bat, ‘Baga-Biga-Higa’-ren antzekoa», gehitu du. «Emanaldi hura nire memorian gelditu zen. Eta Loraldiaren sorreratik esana nuen egunen batean ‘Ikimilikiliklik’-en espiritua berreskuratu behar genuela».
Veneziako emanaldiaren 50. urteurrena bete denean -bai, Madrilen, Parisen eta Veneziako Biurtekoan egon ziren Laboa eta Artze anaiak - gauzatu ahal izan dute proiektua. «Argi genuen ez zuela izan behar omenaldi huts bat, ezin zelako berreskuratu; jakina, denak hilda baitaude. Baina ez genuen nahi bakarrik omenaldi bat egin, baizik eta espiritu abangoardista hori hartu eta XXI. mendera ekarri».
Veneziara joateko ahaleginetan ibili dira, gainera. «Gu saiatu gara Veneziara joaten, baina ez dugu topatu erakundeetan guk daukagun anbizioa edo indar hori hara eramateko. Aritu gara urtebete borrokatzen erakundeekin eta ez dugu lortu. Ea bi urte barru», esan digu Imanol Agirrek.
Emakume gazte batek zuzendu du bertsio berria. «Hasieratik esan genuen Iñaki Salvadorrek behar zuela egon, nahiz eta berak ez zuen ikuskizuna ikusi, gero sartu zelako Laboarekin lanean», argitu du Agirrek. «Nik argi neukan, era berean, Jesus eta Joxean Artze anaien txalapartaren oinordekoa Oreka TX zela. Bilera batzuk egin genituen eta hor planteatu zen: ‘Behar dugu zuzendari artistiko bat’. Eta ondo gogoratzen dut Iñakik esan zuela: ‘Izan dadila gazte bat. Ezin da izan gure garaiko bat’». Edurne Azkarate aktore eta antzerkigileari eskaini zitzaion ekoizpenaren zuzendaritza eta sorkuntza kolektibo gisa egituratu dute “Ikimilikiliklik vol. 2” hau.
«Mikelek utzi gintuenetik, nik gauza asko egin ditut bere musikarekin: pare bat disko monografiko ditut bere musikarekin, eta beste lan batzuetan egin ditut bere bertsioak. Orduan, niretzat, erabat organikoa den zerbait da, nire jazz estandarrak izango balira bezala. Eraman ditzakedan karpetan Laboa, Gershwin edo Cole Porter doaz», dio Salvadorrek.
Sormen kolektiboa askatzailea eta, era berean, mugatzailea izan daiteke, batez ere bere kontura lan egin ohi duen musikari eta konpositore batentzat. «Nire lan egiteko ohiko modutik atera nau, egia da, nire konfort eremutik, eta beste leku batera eraman nau, nik normalean horrela ez dudalako lan egiten. Alde horretatik oso positiboa izan da, nire konfort eremutik atera nauelako».
Topics of the day
«La decisión de restaurar en el trono a Reza Pahlevi es de Israel»
Topics of the day
«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Editoriala
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
Topics of the day
Oyarzabal vuelve a tumbar al Athletic de penalti y lleva a la Real a Sevilla
Topics of the day
50 años después Gasteiz no olvida a las víctimas y señala a los verdugos
Hi,
Disconnect
Naiz Contact
Contact
arreta@naiz.eus
(+34) 943 50 60 10
Mediabask Contact
Contact
abonnements@mediabask.eus
(+33) 09 75 12 97 02
Enter
Enter your details to login
Login with Google
Forgot your password?
Register
Original source
Read original article on Naiz.eus